Larrialdia. 20 eta 30eko abangoardiako zinema ikastaroa egingo dute urriaren 16an, 23an eta 30ean Gasteizko Artiumen. Dadá eta surrealismoa; zinema abstraktua; eta futurismoa, konstruktibismoa eta “objektibotasun berria” landuko dituzte ikasleek, hurrenez hurren.
XX. mende hasierako abangoardien atzean zegoen sortzeko grinak zinemaren hizkuntza baliatu zuen, neurri handi batean, adierazpide gisa, eta horren adibide dira, besteak beste, Man Rayren Emak bakia (1926) -goian filma-, Germaine Dulacen La coquille et le Clérgyman (1926), edota Walter Ruttmannen Berlín, sinfonía de una gran ciudad (1927) filmak.
Bada, Gasteizko Artium museoan orduko zinemagintzari buruzko ikastaroa antolatu dute. Sei ordu iraungo ditu, eta matrikulak 30 euro balio ditu, museoaren adiskideek eta agiridun ikasleek 15 euro soilik ordaindu beharko dituzten arren. Lehen egunean dadá eta surrealismoa izango dituzte aztergai; zinema abstraktua bigarrenean; eta urriaren 30ean futurismoa, konstruktibismoa eta “objektibotasun berria”.
Emanaldiak
Ikastaroarekin batera hainbat film ikusteko aukera ere izango da. Urriaren 17an, ostirala, Emak bakia eta La coquille et le Clérgyman; hilaren 25an, aldiz, Regen (Joris Ivens, 1929), Thythmus 21 (Hans Richten, 1921), Symphonie diagonal (Viking Eggeling, 1924), Studie Nr. 6 (Oskar Fischinger, 1930), Anemic cinema (Marcel Duchamp, 1926), eta Ballet mécanique (Fernand Léger, 1924); eta zikloa amaitzeko, Berlín, sinfonía de una gran ciudad eskainiko dute urriaren 31n. Emanaldi guztiak Auditorioan egingo dituzte, 20:00etan.