Urriaren 16an, 17an eta 18an egingo dute Hendaia Film Festibalaren bigarren edizioa, eta bertako nahiz nazioarteko 50 film labur eskainiko dituzte hainbat sailetan banatuta. Nino Kirtadzé Georgiako zinegilea eta Marc Armspach artista frantsesa izango dira epaileak.
Urriaren 16an, osteguna, gazteentzako emanaldiekin abiatuko dute jaialdia Les Variétés zineman. Arratsaldeko 18:00etan, ostera, zizelkaritza, margoa, argazkilaritza eta zenbakizko horma-irudiak biltzen dituen erakusketa inauguratuko dute Mendi Zola kulturgunean, eta 19:30ean irekiera gala egingo dute. Les Chaussures Rogues laburra lehiaketatik kanpo aurkeztuko dute lehenik, eta segidan nazioarteko lehiaketa zabalduko dute.
Ostiral goizean hainbat jarduera egingo dituzte, gazte nahiz helduentzat, eta 16:00etan Akitania-Euskadi lehiaketa abiatuko dute. Agur, Le maillot jaune, Territoire, Ni sucre ni couronnes eta Comme sur des rails laburrak pantailaratuko dituzte lehen atal honetan Les Variétés zineman. Eta segidan, nazioarteko sailarekin jarraituko dute. 22:00etan, halaber, H-eden taldeak doako kontzertua eskainiko du leku berean.
Larunbat goizean, bestetik, Akitania-Euskadi Lehiaketako bigarren atalarekin segiko dute 10:30etik aurrera: Todos los animales se mueren siempre, Helix Aspera, Peter Pan, Destino, Kijima Stories eta Thailandia ikusaraziko dituzte oraingoan. Iluntzeko 20:30ean egingo duten itxiera galan jakinaraziko dute, besteak beste, hamar lan horien artean irabazlea zein den.
Euskara bizi nahi dut
Azken egunean, baita ere, Euskara bizi nahi dut lehiaketa egingo dute 16:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Eta jaialdia amaitzeko, 21:00etan, Aratxa Ezkerra eta David Carrascoren Olatu Berria dokumentala izango da ikusgai Elsa Oliarj-Inésen Dans leur jeunesse, il y a du passé lanarekin batera.