Urriaren 6tik 10era luzatuko da Iruñeko Zinemaldiaren 15. edizioa, eta orotara 114 lan eskainiko dituzte Alternatif, Alternatif Internacional, Cortico, Valor Visual, AcceFest eta Educactif sailetan banaturik. Emanaldiak Iturramako Civivox eta Carlos III. Saide zinemetan izango dira, nagusiki.
Jaialdia atzo, astelehena, abiatu zuten, eta ostiralera bitarte nafarroako nahiz atzerriko film laburrak, dokumentalak, Europako zinema eskoletako ikasleen lanak, eta orain gutxi estreinatutako eta entzumen nahiz ikusmen urritasuna duten lagunentzat egokitutako bost luze eskainiko dituzte Iruñean.
Alternatif sailaren baitan, esaterako, 40 film labur izango dira ikusgai bosnaka. Saioak astelehenetik ostiralera egingo dituzte, 20:00etan, eta bi lan nafarrak izango dira. Alternatif Internacional atalean, ordea, Europako sei zinema eskolatako lanak bilduko dituzte; Alemania, Hungaria, Portugal, Italia, Txekiar Errepublika eta Poloniatik ekarritako laburrak izango dira, hain zuzen ere. Gaur eta bihar, 22:30ean, eskainiko dituzte.
Cortico saila 2005ean jarri zuten martxan bertako zinegile gazteei bultzada bat eman asmoz. Aurtengoan 17 lan pantailaratuko dituzte ostegun eta ostiralean Carlos III. Zinemetan, 22:30etik aurrera.
Parallel 40 eta Docs Barcelonarekin elkarlanean antolatutako Valor Visual atalak, halaber, gai sozialeko bost dokumental bilduko ditu. Emanaldiak Iturramako Civivox zineman izango dira, egunero 19:30ean, eta haien ostean mintzaldia egingo dute.
Zentzumen urritasuna duten lagunentzako orain gutxi estreinatutako bost lan proiektatuko dituzte AcceFest atalaren baitan, eta Edicactif sailak ikasleentzako emanaldiak barneratuko ditu.
Emanaldien ordutegia eta informazioa jakin nahi izanez gero, sartu hemen.