Irailaren 29tik urriaren 5era Miarritzen egin duten Latinoamerikako Zinema Jaialdiaren 23. edizioan Laurent Cantet zinegile frantziarraren Retour à Ithaque filma izan da irabazle nagusia. Ikusleen saria, ostera, Damian Szifronen Relatos salvajes lanak eskuratu du.
Aurtengo jaialdiko herrialde gonbidatuak, Mexikok, hiru sari lortu ditu jaialdian: epaimahaiaren sari berezia Jose Luis Valleren La búsqueda filmak, dokumental onenaren saria Hatuey Viveros Lavielleren Café lanak, eta film laburren kategorian, bigarren saria Lenz Mauricio Claureren El sonámbulo filmak.
Dena den, sari nagusia 62. Donostia Zinemaldiko Perlak Sailean aurkeztu duten Retour à Ithaque filmak eskuratu du. Kubako azken hamarkadetako historia izan du hizpide Cantetek. Ikusleen saria, ostera, Damian Szifronen Relatos salvajes lanak jaso du, emakumezko aktore onenarena Relatos salvajes lanean parte hartu duen Erica Rivas aktore mexikarrak, eta gizonezko aktore onenarena Hector Noguera eta Nestor Guzzini aktoreek elkarbanatu dute Mr. Kaplan (Alvaro Brechner) filmean egindako lanagatik.
Epaimahaia Atiq Rahimi, María Kodama, Miguel Courtois Paternina, Catherine Dussart eta Joan Aguilarrek osatu dute, eta palmares osoa kontsultatzeko, sartu hemen.