Erabakitzeko eskubidearen inguruko Gazta zati bat (Jon Maia, 2012) dokumentala Sarean ikusgai da jada Gure Esku Dago ekimenaren eskutik.

“Munduan bere gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen da istorio hau. Herritar xume batzuk, Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik misio handi bati ekingo diote: munduan zer izan erabaki ahal izatea. Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen lekuko zuzenak izatera eramango ditu: Eskozia eta Euskal Herria. Letra txikiz idatzitako historia handi bat. Etorkizunari begira jartzen gaituen aro berriko dokumental bat”.

Halaxe aurkeztu zuten 2012an Gazta zati bat dokumentala. Gure Esku Dago ekimenaren eskutik, eta Jon Maiaren eta Nazioen Mundua ekimenaren gidaritzapean, errodatu zuten, eta Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldiaren baitan eskaini zuten 2012ko apirilaren 21ean. Ondoren, Euskal Herriko zinema areto eta Kultur Etxe ugaritan proiektatu dute, eta orain Sarean ikusgai da doan.