Bartzelonako izen bereko ekimenari jarraiki, Donostian ere Creative Commons lizentzia oinarri duen CC Zinemaldia egiten dute urtero. Gaur bertan, urriak 6, arkitektura eta urbanismoari buruzko lehen atala abiatuko dute EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan.
18:00etatik aurrera, Bloc dels Pescadors (Andreu Meixide, 2014) dokumentala proiektatuko dute gaur Donostiako Oñati plazaren 2.ean, Arkitektura Goi Eskola Teknikoan. Bartzelonako izen bereko auzoa berritu asmoz, bertako bizilagun eta udaleko ordezkarien arteko elkarrizketak ditu ardatz lanak, eta emanaldiaren ostean, filmeko zuzendariak, Bartzelonako Udaleko teknikariek, eta Donostiako Txominenea auzoko bizilagunek eta Hernaniko Kaxko Elkarteko kideek, besteak beste, parte hartuko dute mintzaldian.
Asteazkenean, urriak 8, bestetik, Donostiako arkitekturari buruzko bi labur izango dira ikusgai 18:00etatik aurrera leku berean: Imanol Sarasolaren San Sebastián 1813-2013. 200 años de ciudad (2013) eta Jose Javier Pi Chevroten Recordando la Donostia anterior al desastre de 1813 (2014). Ondoren, arkitekturak Donostiaren historian izan duen eraginaz hitz egingo dute.
Ekologia atala
Datorren astetik aurrera, hilaren 16tik 31ra, ekologiari buruzko bost lan eskainiko dituzte Okendo Kultur Etxean, Gipuzkoako Argazkigintza Elkartean eta Urgulleko Guardetxean: Libres. La serie (Alex Rodrigo, 2013), Alter Christiania (Andres Senra, 2013), Homenaje a Catalunya II. (Joana Conill, Manuel Castells eta Alex Ruiz, 2010), In Transition 2.0 (Emma Goude, 2012) eta Okupación (Christopher Ullrich Patz, 2010). Kontsultatu egutegi osoa hemen. Azaroan, aldiz, sail ofiziala egingo dute.