Garoa liburu dendarekin elkarlanean, urria, azaroa eta abendua hartuko dituen Paperezko Zinema izeneko zikloa antolatuko dugu saltokiak Donostiako Gros auzoan duen aretoan, Zabaleta kaleko 34.ean. Urriaren 31n, azaroaren 21ean eta abenduaren 19an egingo ditugu dokumentalen proiekzioak, eta horien sortzaileek ondorengo mintzaldian hartuko dute parte.

Paperezko Lagunak izeneko irakurle klubarekin abiatu zuen Zarauzko Garoa liburu dendak kultur egitarau propioa. Pixkanaka, Paperezko Kontzertuak eta Paperezko Pulpitutik izeneko saioak antolatzen hasi ziren; lehenetan, musika talde edo bakarlari baten eta idazle baten arteko hartuemanak gidatzen du emanaldia, musika eta solasa nahastuz; Paperezko Pulpitutik egitasmoak, ordea, liburu aurkezpenak, performanceak eta bestelako agerraldiak barneratzen ditu. Lehen saioek arrakasta handia izan zuten Zarautzen, eta Donostian saltoki berria zabaltzearekin batera, egitaraua Gipuzkoako hiriburura ekartzea erabaki dute, Zarautz ahaztu gabe.

Bada, bihar abiatuko den hiruhilekoak beste bi paperezko adar izango ditu: Paperezko Antzerkia eta Paperezko Zinema. Lehena Ainhoa Alberdi aktoreak kudeatuko du, eta hiru lan ekarriko ditu Donostiako aretora: urriaren 9an Alberdi beraren Zapatak; azaroaren 13an Joseba Roldán, Iñaki Santos eta Ebi Soriaren Conccertino para Orgánico y Palabro; eta abenduaren 11n Dejabu Panpin Laborategiaren Idazlea zeu zara. Emanaldiak 19:00etan abiatuko dira, eta sarrera 3 euroren truke eskuratu ahal izango da egunean bertan. Gainera, hiru saioetarako bonoa ere izango da.

Paperezko Zinema

Paperezko Zinema, aldiz, Garoak eta Zinea.eu atariak elkarrekin kudeatuko dugu. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria arduratuko da saioak dinamizatzeaz, eta lehen hiruhilekorako hiru dokumental programatu ditugu Eguzki Bideoaken laguntzarekin: urriaren 31n Zoe Movroudiren Ruins, azaroaren 21ean Alberto Arceren To shoot an Elephant, eta abenduaren 19an Los Malos Sueños de René Petit. Emanaldiak ostiraletan izango dira, 19:30ean, eta sarrerek 3 euro balioko dute, baita ere.

Lehen zikloan gai sozialak izango ditugu aztergai, eta dokumentalen sortzaileak era presentzialean nahiz Skype bidez ekarriko ditugu emanaldietara. Horregatik, proiekzioen ostean haiekin mintzatzeko eta galderak egiteko aukera izango dute ikus-entzuleek. Azken batean, esperientzia kolektiboak eskaintzea dute helburu Paperezkoek.