Amaitu berri den Donostia Zinemaldian aurkeztu dituzten filmen artean zortzi proiektatuko dituzte aste honetan Bilboko Alhondigan. Pablo Maloren Lasa eta Zabala gaur bertan izango da ikusgai 20:00etatik aurrera.

Donostia Zinemaldiaren eta Bilboko Alhondigaren arteko elkarlanari esker, Zinemaldiaren azken edizioan estreinatu dituzten hainbat film Bilbon ikusteko aukera izango da aurten hirugarrenez. Gaur bertan egiten dute aurkezpena Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak, Pablo Malo zinegileak, Unax Ugalde aktoreak eta Lourdes Fernández Alhondigako zuzendariak.

Izan ere, gaur 20:00etan Lasa eta Zabala izango da ikusgai, Pablo Malok zuzendutako drama. Bihar, Sail Ofizialean lehiatu den Christian Petzolden Phoenix eskainiko dute ordu berean, eta asteazkenean Argentina eta Frantziaren arteko Ceincias Naturales (Matías Lucchesi) koprodukzioa, Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean aurkeztu dutena.

Ostegunean Roberto Castónen Los tontos y los estúpidos proiektatuko dute, Zuzendari Berriak sailean estreinatutako lana, eta ostiralean Sail Ofizialean lehiatu den eta Gehituk ematen duen 2014ko Sebastiane saria lortu duen Une Nouvelle Amie (François Ozone) filma izango da ikusgai. Larunbatean Zuzendari Berriak sailean aurkeztu duten Albert Shinen In Her Place lanaren txanda helduko da, eta igandean saio bikoitza egingo dute: 18:00etan Perlak saileko Difret (Zeresnay Berhane Mehari) eta 20:00etan Zuzendari Berriak saileko Simon Jaquemeten Chrieg.

Sarrerak 4,5 euro balioko ditu. Alhondigako Txartelarekin, 3,5 euro.