Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak filma 62. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu dute. Euskara hutsean errodatutako historiako lehen filma da jaialdi honetan eta lehen kategorian lehiatzen. Eta arrazoi horregatik, azken asteetan gainerako filmez baino gehiago hitz egin dugu hedabideetan Moriarti eta Irusoinen ekoizpenaz.
Gure herrian askotan eztabaidatu dugu auzi honen inguruan, alegia, euskarazko sormen lanek, ez soilik ikus-entzunezkoek, kritikari eta ikusleen oniritzia eskuratu ohi dutela bertakoak eta euskarazkoak izate hutsagatik, haien kalitateari gehiegi erreparatu gabe. Edo beste era batera esanda, kosta egiten zaigula gure mundu txiki honetan elkarri minik egin gabe eta “lanpostua” kinka larrian jarri gabe objektiboak izaten. Bada, Loreaken kasuan, ez ditugu hitz ederrak eta laudorioak doan banatuko, benetan lan zaindua eta goxoa aurkeztu digutelako gipuzkoarrek.
Eszenak laburrak dira, hitzak justuak eta planoak milimetrora neurtutakoak. Erakusten eta esaten den guztia erakutsi eta entzunarazi behar delako dago pantailan, eta pertsonaiek benetako sentimenduak adierazten dituzte, esajeratutako emoziorik edota ikuslearengana heldu gabe geratzen den antzezpenik gabe. Aktoreek lan bikaina egin dute, guztiek, bakar batek ere ez baitu taldearen maila jaitsi. Eta aurpegiek, mugimenduek eta jarrerek hitzek baino gehiago adierazi dute. Unean unekoa esan eta egiteak duen garrantziak batetik, eta nortasun ezberdineko pertsonen arteko elkarbitzitzak bestetik, zentzu berezia hartzen dute filmean, ikusleei oso gertuko egiten zaizkien errealitateak baitira honakoak, era berean, guztiz unibertsalak.
Filmaren erritmoa ere egokia da, eta ikus-entzuleek argitu nahi duten (eta argitu gabe geratzen den?) intriga batek bultzatuta jarraitzen dute istorioa, Beñatek Aneri loreak zergatik bidaltzen dizkion jakin nahian. Oreka da nagusi, erabateko oreka: pertsonaiena, planoena, ekintza eta emozio dosiena… Nabari da mimoz eginda dagoela, eta lehen emaitzarekin konformatu ez eta produktu perfektuaren bila joan direla Garaño, Goenaga eta lantalde osoa. Halako lan borobilek bikain funtzionatzen duen taldea baitute atzean.
Hitz bakarrean, maisulana da Loreak. Eta Zinemaldian dagokion kategorian sartu dute, hizkuntza eta jatorria zehazten dituzten eremuei erreparatu gabe.