soroa

Irailaren 20an, Zinemaldiaren baitan, Kimuak film laburren aurtengo aukeraketa ikusi genuen. Bihoa aurretik nire zoriona proiektu honi, euskal film laburrak mapan jartzen hainbeste urte egin ostean, kalitate aldetik ere lehia eraginez, gure egileen lanon mailak gora egin baitu. Ez alferrik 70 bat lan aurkeztu eta horien artean zazpi bat aukeratu behar izaten baitituzte epaimahaikideek.

Kimuetan historikoki ezagunak diren izenak topatu ditugu uzta honetan: Asier Altuna, Koldo Almandoz, Aitor Arregi, Lander Camarero…

Ohiko bidetik doazen bi film labur izan ezik, gainerakoen artean esperimentalismorako joera handia sumatu dut aurten, baita bestela ohituta gintuzten egileen artean ere. Pentsatzen dut urtero gertatuko dela antzera eta hau ez dela berri aipagarria izango, film laburrak egiteak eduki ditzakeen helburu askoren artean, horietako bat esperimentatzea izan baitaiteke.

Hala, Zarautzen erosi zuen eta Anómalo lanek, bakoitzak bere erara, ohiko bidetik eramaten dute narrazioa. Aurrenekoa protagonistaren (Nagore Aranburu bikain) psikologian murgiltzen da, gizartean gutako askok besteei aurre egiteko garaian ditugun arazoak drama moduan emanez; eta bigarrena, berriz, komedian aurrera eginez eta Paco Sagartzazu, Zorion Egileor eta Oscar Ladoireren interpretazioek hartara lagunduta.

Beste guztien artean bada aipatutako esperimentalismorako joera. A serious comedy genero batean sartzea oso zaila egiten zait, akaso dokumental faltsua, baina oso egoera berezia planteatzen du eta erritmoz dago kontatuta. Don Miguel animaziokoa da eta rotoskopia erabiltzen du. Teknologia hau ez da asko erabili orain arte, eta efektu zoragarria egiten du gidoi xehe baten bidez, oso ondo harilkatutako istorio batean. Joseba Apaolazaren eta Eriz Alberdiren lana bikaina da. Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia lanak, berriz, tituluak berak aipatzen duen istorioa du oinarri eta hainbat teknika nahastuta dago landurik. Artelekutik ekoiztutako Sailor’s grave lanak ere animazio bidezko beste teknika bat erabiltzen du eta garrantzi handia ematen dio estetikari, oso esperimentala eta kontzeptuala dela esango nuke. Asier Altunaren Soroa film laburrak ematen dio amaiera sortari. Nire ikuspegitik, Altunak film laburren munduan teknikaren esperimentazioan egin duen ikerketarik handiena da eta, beregan ohikoa den moduan, emaitza bikaina lortu du. Harri eta zur utziko du bat baino gehiago. Lan sakona, metaforikoa eta eduki aldetik mamitsua.

Pozgarriena, film luzeetan murgilduta dauden egile askok film laburrari ematen dioten garrantzia. Esperimentazioa, ikerketa, istorio laburrak kontatzeko lilura eta ausardia. Maitasun handiz eginda daude lanak eta berezko genero dela erakusten dute eta ez, orain arte esan izan den bezala, film luzetara jauzi egiteko tranpolina (bakarrik).

Beraz, lan bikainak 2014ko uztan, berriz ere nazioarteko jaialdietan lehiatu eta sari asko jasotzeko modukoak. Imitazio asko izan baditu ere, Kimuak sorta urtero bultzatzeak garrantzi handia izaten jarraitzen du, sariak jasotzeaz gain, gure egileak nazioartean ezagutzera emateko modurik onena baita.