Garoa liburu dendak eta Zinea.eu zinemari buruzko euskarazko atari digitalak, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, Paperezko Zinema izeneko ekimena abiatuko dugu urrian. Egitasmoaren helburua zinema eta literatura uztartzea da, eta horretarako ikus-entzunezko lanen proiekzioak eta egileen mintzaldiak antolatuko ditugu Garoaren Donostiako aretoan, Zabaleta kalean. Lehen hiruhilekoa datorren ostegunean, irailak 25, aurkeztuko dugu Asier Altunaren film laburren maratoiaren bidez. Gonbidatuta zaudete!
Zarautzen eta Donostian saltokiak dituen Garoa liburu dendak Paperezko Kontzertuak izeneko ekitaldi formatu berritzailea jarri zuen martxan orain urtebete inguru. Berauetan, bakarlari edo musika talde bat eta idazle bat batzen dituzte, eta elkarlanean, kontzertu, mintzaldi eta errezitaldi baten arteko ikuskizuna eskaintzen dute ikus-entzuleen gozamenerako. Noski, protagonisten artean bada lokarri bat, literatura. Hilabetean emanaldi bat egin dute orain arte, eta datozen hiru hilabeteetako programazioa ere aurkeztu dute jada; tartean, Anje Duhalde eta John Berkhout izango dira entzungai.
Urritik aurrera, halaber, Paperezko munduak bigarren ildo bat jarraituko du, zinemarena. Hilabetean behin, igandez, film labur, luze, dokumental edo animaziozko lan bat (laburren kasuan, hainbat) eskainiko dugu (ditugu) Garoaren Zabaleta kaleko aretoan (hiru hilean behin Zarautzera lekualdatuko gara), eta aurkezle baten laguntzaz, ikus-entzule nahiz sortzaileak lana aztertuko dute emanaldiaren ostean. Horixe izango da, labur-labur azalduta, Paperezko Zinema.
Proiekzioak hiruhileko zikloetan antolatuko ditugu, eta lehen emanaldien berri emango dugu ostegun honetan, irailak 25, arratsaldeko 19:00etan Garoan egingo dugun aurkezpen ekitaldian. Asier Altunaren dozena erdi lan labur eskainiko ditugu bertan, eta sortzailea bera ere bertan izango da horien inguruan mintzatzeko. Zizka-mizkak ez dira faltako, eta egitasmoaren xehetasun guztiak argituko ditugu.
Zinemaldiaren zurrunbilotik irten gabe, zatozte Gros auzora gurekin zerbait hartu eta elkar ezagutzera!