Nire gorputza, nire erabakia ikus-entzunezko lehiaketaren edizio berria martxan da jada. Bizkaian jaio, bizi, lan egin edo ikasten duten lagunei zuzendutako ekimena da, eta emakumeek pairatzen duten indarkeria sinbolikoa aztergai duten bidoeklip eta flashmobak galdatzen dituzte aurten antolatzaileek.
Medicusmundi Bizkaia elkartearen ekimenez, eta Mugarik Gabe eta Pikara Magazineren laguntzarekin, emakumeek beren gorputzaren eta sexualitatearen inguruan libreki erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko ikus-entzunezko lehiaketa martxan da beste behin. Aurtengoan, indarkeria sinbolikoa jorratu nahi dute antolatzaileek, eta horretarako, Idily Adalicia eta Sacate Jag guatemaltarren Mi cuerpo no se vende edota Esne Beltzaren Zauriak kantak erabili ditzaten eskatu diete parte hartzaileei, lip dub, flashmob, cup song edota bideoklipak osatzeko.
Lehiaketa Bizkaian jaio, bizi, lan egin edota ikasten duten lagunei zuzenduta dago, eta lau pertsonaz osatutako taldeetan jardun beharko dute. Lanak Youtube nahiz Vimeo bezalako plataforma batera igo beharko dituzte azaroaren 5 baino lehen, eta loturarekin batera, gainontzeko datuak educa.bizkaia@medicusmundi.es helbidera helarazi.
Irabazleek 10 eta 15 egun arteko bidaia eskuratuko dute Guatemalara. Bertan, ikus-entzunezko errealizazio tailer batean hartuko dute parte. Bigarren saria jasotzen duen taldeak, ostera, 500 euro jasoko ditu, eta neska-mutilez osatutako bideo originalena egiten duen taldeak, 300 euro.
Kontsultatu gainerako oinarriak hemen, eta eman izena!