2009an abiatu zuten Zinema Ikusezina jaialdiaren VI. edizioa urriaren 17tik 23ra egingo dute Bilbo, Barakaldo, Erandio, Portugalete, Mungia, Iurreta, Leioa eta Elorrioko hamalau aretotan. Halaber, Ikusezina Express laburren jaialdia urriaren 6tik 13ra luzatuko da, eta izena emateko epea hilaren 5ean itxiko dute.
Kultura, Komunikazioa eta Garapena izeneko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako Zinema Ikusezinak garapen iraunkorra, giza eskubideak, kulturartekotasuna eta genero berdintasuna lantzen dituzten filmak biltzen ditu urtero, askotan, ikusezinak balira bezala igarotzen diren filmak. Pixkanaka hedatuz joan da jaialdia, eta iazko edizioan 11.500 ikus-entzule baino gehiago hurbildu ziren Bilbon eta inguruko hainbat herritan antolatutako emanaldietara. Aurtengo programazioa ez dute oraindik ezagutarazi.
Jaialdian parte hartzeko aukera izaten da urtero, baina dagoeneko itxi dute deialdia. Ikusezina Express film laburren jaialdian, aldiz, inskribatzeko aukera dute oraindik EHUko ikasleek, urriaren 5a baino lehen. Filmetan landu beharreko gaia jaialdia hasten den egunean bertan jakingo dute parte hartzaileek, eta urriaren 13a amaitu aurretik entregatu beharko dute lana.
Ondoren, KCD GGKEren Youtubeko kanalera igoko dituzte, eta urriaren 21eko 19:00etan boto gehien dituen bideoak eskuratuko du 500 euroko Ikusleen Saria. Epaimahaiaren Saria, ostera, 1.000 eurokoa izango da.
Lehiaketaren oinarriak ezagutzeko, sartu hemen.