Donostia Zinemaldiak itzala egingo dien arren, aste honetan helduko dira zinemetara The Maze Runner (Wes Ball, 2014), If I Stay (R.J. Cutler, 2014), Joe (David Gordon Green, 2013), The Grand Seduction (Don McKellar, 2013) eta God Help the Girl (Stuart Murdoch), besteak beste.

AEBetako bost lan, eta Kanadako, Italiako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Espainiako film bana estreinatuko dituzte gaur gure zinemetan. Horietako hainbat, gainera, nazioarteko zinema jaialdietan aurkeztu dituzte, baita hainbat sari eskuratu ere.

Esaterako, Don McKellaren The Grand Seduction filma 2013ko Toronto International Film Festivaleko ikusleen saria eskuratzeko izendatu zuten; Ipar Amerikako herri txiki bateko herritarren abenturak kontatzen dituen komendia. Stuart Murdochen God Help the Girl lanak, bestetik, aurtengo Sundance Film Festivaleko epaimahaiaren sari berezia eskuratu du, eta Berlinale Nazioarteko Zinema Jaialdian eta Austinen (AEB) egiten duten SXSW musika eta zinema jardunaldietan aurkeztu dute. Glasgowko ospitale batean bizi den Eve gaztearen istorioa du ardatz lanak; arazo emozionalak gainditzeko kantak idazten ditu neskak.

David Gordon Green estatubatuarraren Joe filmean egindako lanagatik, halaber, Biennale Veneziako zinemaldiko aktore gazte onenaren saria eskuratu zuen Tye Sheridanek. Istorioa Mississippin girotuta dago, eta kartzelatik ihes egin duen Joeren (Nicolas Cage) eta desegindako familia batetik datorren Garyren (Sheridan bera) arteko harremana du aztergai.

Wes Ballen The Maze Runner zientzia fikziozko lana eta R.J. Cutlerren If I Stay nerabeentzako drama ere ikusgai izango dira gaurtik aurrera, baita benetako jazoeretan oinarritutako When the Game Stands Tall (Thomas Carter, 2014) ere. Bob Ladouceur futbol amerikarreko eta haren laguntzaile Terry Eidsonen balentria ditu hizpide azken honek.

Italiatik datorkigun proposamenak, alegia, Erroma inguratzen duten autopistei buruzko Sacro GRA (Gianfranco Rosi, 2013) dokumentalak, 2013ko Biennaleko Urrezko Lehoia eta Sevillako Europar Zinema Jaialdiko bigarren film onenaren saria eskuratu zituen. Jalil Lespert frantsesak, bestetik, Ives Saint Laurent diseinatzailearen bizitza erretratatu du lan homonimoan, eta Gabi Ochoa zinegile espainiarrak El amor no es lo que era drama erromantikoa dakarkigu; iazko Malagako Zinemaldian aurkeztu zuen.

Aste honetako azken proposamena beldurrezko As Above, So Below (John Erick Dowdle, 2014) filma da.