62. Donostia Zinemaldiaren baitan, Topografiak. Beste hizkuntza batzuetako filmografien ikusgaitasuna, koprodukzioa eta nazioartekotzea izeneko saioa antolatuko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Hilaren 23an izango da, eta Euskadi, Finlandia, Suitza, Flandria, Islandia eta Letoniako ordezkariak, besteak beste, bilduko ditu zitak.
Komunitate eta kultura eleaniztunetan sortutako ekoizpenak ikusaraztea eta horien atzean dauden erakunde eta profesionalen artean harremanak sustatzea du helburu Eusko Jaurlaritzak Europa Creativa Desk Media Euskadi programarekin elkarlanean antolatutako jardunaldiak. Topografiak izango du izena, eta nagusiki sei gai izango dituzte aztergai beronetan parte hartuko duten adituek: hizkuntza eta kultura konplexutasunak sortzaile eta industriarentzat eragiten dituen aukera eta erronkak; proiektuak nazioartekotzeko aukerak; koprodukziorako bazkideak nola aurkitu; hizkuntza gutxituetan sortutako ekoizpenen bideragarritasuna eta iraunkortasuna; laguntza publikoekiko menpekotasuna; eta erakunde, industria eta sortzaileen arteko aliantzak.
Besteak beste, Finladia, Suitza, Flandria, Islandia, Letonia, eta noski, Euskaditik etorritako erakundeetako ordezkariek eta kultur eragileek hartuko dute parte hilaren 23an Donostiako Aquarium jatetxean egingo duten bilkuran. Herrialde eleaniztunetako adituekin esperientziak partekatzeak promoziorako, koprodukziorako eta elkartrukerako bideak zabalduko dizkie ikus-entzunezkoetan diharduten herrialdeotako profesionalei.