Naomi_Kawase

Nafarroako Filmategiak Punto de Vista Fokua zikloa berreskuratu du irailean, eta hilaren 25ean, osteguna, Laetitia Miklesen bi lan eskainiko dituzte 20:00etatik aurrera. Otsailean egiten den Punto de Vista jaialdia urte osora luzatzea du helburu ekimenak.

Fikziozkoak ez diren mundu osoko lanak barneratzen ditu Punto de Vista Fokua zikloak. Hilabeteko azken ostegunetan izaten dira emanaldiak, otsailean izan ezik, orduan egiten baitute Punto de Vista Iruñeko dokumentalen jaialdia.

Ikasturte berriarekin batera, zikloa berreskuratu dute Nafarroako Filmategian, eta hilabete honetan Laetitia Mikles errealizadore frantsesaren bi lan izango dira ikusgai: Kijima Stories (2013) eta Rien ne s’efface (2008). Biak ala biak Japonian errodatu zituen; lehenak mafia japoniarra du aztergai, eta bigarrenean Naomi Kawase zinegile japoniarraren erretratua eskaintzen du Miklesek. Azken honek Cannesko jaialdiko Grand Prix saria eskuratu zuen 2007an.

Emanaldia 20:00etan abiatuko da, eta sarrerak 3 euro balioko ditu.