Richard Linklaterren Boyhood, Anton Corbijnen A Most Wanted Man, Ana Murugarrenen Tres mentiras, Philippe Claudelen Antes del frío invierno eta Miguel Cohanen Betibú, asteko estreinaldien artean.

Aurtengo FIPRESCI saria eskuratu duen Boyhood filma da aste honetako estreinaldien artean nagusi. Richard Linklaterrek zuzendutako Boyhood hamabi urteko proiektuak nazioarteko kritikaren oniritzia eskuratu du, eta Berlinale jaialdian zuzendari onenaren saria jaso zuen Liklaterrek. Lanak Mason mutikoaren istorioa kontatzen du; sei urte ditu filmaren hasieran, hemezortzi amaieran. Nerabezaroko gorabeherak pantailan. Donostiako Zinemaldian eskainiko dute.

Anton Corbijn britainiarraren A Most Wanted Man espioitza thrillerra da. Dokumentaziorik gabe eta diru askorekin Hanburgora iristen den gazte errusiarraren abentura du ardatz filmak (goian trailerra ikusgai). Miguel Cohanen Betibú lanak, ostera, Argentinara eramango gaitu; Nurit Iscar idazle arrakastatsuak La Maravillosa finkako hilketak ikertuko ditu El Tribuno egunkarian kaleratzeko.

AEBetatik datorkigun asteko proposamena, ordea, Wish I Was Here drama eta komedia uztartzen dituen lana da. Aidan Bloom enpresariak (Zach Braff zuzendariak berak gorpuztuko du pertsonaia) azkenaldian bizi duen krisi pertsonalari aurre egingo dio egunerokoan hainbat aldaketa eginez. Eta Ana Murugarrenen Tres mentiras lanak ere ostiralean ikusiko du argia. 70eko hamarkadako haurren lapurretak pantailaratuko ditu nafarrak lehen luze honetan.

Frantziatik, halaber, bi film datozkigu: Philippe Claudelen Avant l’hiver eta Fred Cavayéren Mea culpa. Sebastián Alfiek Boliviako goi-lautadan kokatutako laguntasunari buruzko drama aurkeztuko digu Gabor filmean, eta hilabeteko komedia erromantikoa I Give It a Year izango da. Nortasun ezberdineko Nat eta Josh ezkonberrien harremana izango du ardatz Love Actually eta Notting Hill filmen sortzaile den Dan Mazerren lan berriak.