Urriaren 25etik azaroaren 1era luzatuko den XXV. Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean aurkeztuko dituzten hainbat lanen berri eman du gaur Donostia Kulturak. Alex de la Iglesiak eta Carolina Bangek ekoitzitako lehen filmak zabalduko du jaialdia: Musarañas.
Orotara nazioarteko hogei bat lan beldurgarri ikusteko aukera izango da aurtengo Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astean, eta horietako 11ren berri eman dute jada: Tomy Wirkolaren Dead Snow 2: Red vs. Dead (2014); Adam Wingarden The Guest (2014); Ruairi Robinsonen The Last Days on Mars (2013); V/H/S Viral (2014), Nacho Vigalondo, Marcel Sarmiento, Gregg Bishop, Justin Benson, Aaron Moorehead eta Todd Lincolnek zuzendutako saila; Eisuke Naitoren Puzzle (2014); Aik Karapetianen The Man in The Orange Jacket (2014); eta Jaume Balagueróren (REC)4 (2014), besteak beste.
Jaialdia abiatzeko, Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarrak eta Carolina Bangek martxan jarri duten Pokeepsie Films ekoizpen etxearen lehen lana, Musarañas, eskainiko dute. Juanfer Andrés eta Esteban Roelek zuzendu dute, eta Macarena Gómez, Nadia de Santiago, Luis Tosar eta Hugo Silva dira protagonistak.