Donostia_Museo_San_Telmo

Zinema-ideiak eta Zinema ideiaduna jardunaldiak egingo dituzte datorren astean, astelehenetik asteazkenera, San Telmo Museoan, Donostia Zinemaldirako motorrak berotu asmoz. Zinemak gizartearekin, narratibarekin eta filosofiarekin duen loturaz mintzatuko dira hainbat aditu.

Bost mintzaldi bilduko ditu Donostia Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak eta San Telmo Museoak elkarlanean antolatutako Zinema-ideiak eta Zinema ideiadunak jardunaldiak. Egitaraua datorren astelehenan, irailak 15, abiatuko du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, 19:00etan San Telmo Museoko ekitaldi aretoan, eta segidan Cine y Sociedad (Zinema eta Gizartea) mintzaldia eskainiko dute Victoria Campus eta Amelia Valcárcel filosofoek, gaztelaniaz.

Irailaren 16an, ostera, goiz eta arratsaldez bilduko dira: 11:00etan Zinema eta Giza Eskubideak gaiaz ariko dira Josemi Beltrán (Donostiako Udala) eta Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea, eta 12:30ean Maru Solores zinema zuzendariak eta Juanjo Alvarez irakasleak gidatuko dute saioa. Arratsaldean, bestetik, Zinema eta Narrazioa izango dute aztergai Iratxe Fresneda irakasleak, Irati Jiménez idazleak eta Koldo Almandoz zinema zuzendariak.

Ekimena amaitzeko, asteazkenean, arratsaldeko 19:00etan, Manuel Cruz eta Roberto R. Aramayo filosofoen hizketaldiaz gozatzeko aukera izango da. Interesa duen oro hurbildu ahal izango da jardunaldira.