1979 eta 1987 artean ekoitzitako lau film espainiar eskainiko ditu irailean Nafarroako Filmategiak Genero Fotogramak zikloaren baitan. Gaur bertan, irailak 10, Función de noche (Josefina Molina, 1971) izango da ikusgai 20:00etan.
XX. mende amaierako genero ikuspegia landu eta zine politiko eta feminista ikusarazteko balioko du Nafarroako Filmategiak ikasturte hasierarako proposatu duen bigarren zikloak: Genero Fotogramak. Emanaldiak iragan astean hasi ziren, eta datozen hiru asteazkenetan (gaur, irailaren 17an eta hilaren 24an) beste hiru lan eskainiko dituzte.
Josefina Molinaren Función de noche izango da, hain zuzen, gaurko filma. Miguel Delibesen Cinco horas con Mario antzezlana gauero taularatzen duen Lola Herrera aktorea du protagonista filmak. Emanaldiek aurrera egin ahala, Herrerak bilakaera personal esanguratsua jasango du, eta senar ohiarekin duen harremanak garapen horretan eragingo dio.
Hilaren 17an, aldiz, Pedro Almodóvarren ¿Qué he hecho yo para merecer esto? (1984) izango da ikusgai. Drama kostunbrista Mantxako zuzendariaren lan esanguratsuenetakoa da. Gloria seme-alabekin, senarrarekin eta amaginarrebarekin bizi da, neskame gisa egiten du lan eta anfetaminekiko mendekotasuna du. Ustekabeko gertaera batek, baina, bizitza aldatuko dio.
Eta zikloa isteaz arduratuko da, azkenik, Fernando Colomoren La vida alegre (1987). Gaixotasun benereoak tratatzeko zentro batean lan egiten hasiko da Ana, eta pertsona oso ezberdinak ezagutzeko aukera izango du bertan. Diktadura eta trantsizio garaitik aldentzen ari den 80ko hamarkadako gizarte espainiarra irudikatzen duen lana.
Sarrerak 3 euroren truke eskuratu ahal izango dira, eta emanaldiak filmategian bertan izango dira, iluntzeko 20:00etan.