II. Mundu Gerran eratu zen bando aliatuetako pilotuentzako Comète sare klandestinoa du ardatz Iurre Telleria eta Enara Goikoetxearen Azken bidaia (2011) dokumentalak. Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoaren ekimenez, bihar, irailak 10, 19:00etan eskainiko dute Antzoki Zaharrean, eta Juan Carlos Jiménez de Aberasturi historialari eta ikerlariak mintzaldia eskainiko du.
Alemaniako nazien erasoengandik bizirik atera ziren pilotu aliatuak Britainia Handira ateratzeko sare klandestinoa eratu zuten Bidasoako mugan, Irun eta Nafarroa inguruan, II. Mundu Gerra bitartean. Donostia giltzarri zen sarearen antolaketa eta funtzionamenduan, eta gizon-emakume euskaldun askok pilotuak etxean hartu zituzten eta gida moduan lagundu zieten ezkutuan ihes egiten. Orotara 700 lagun inguru salbatu zituztela uste dute auzia ikertu duten historialariek, eta 200 bat euskaldun hil zituztela aliatuei laguntzeagatik.
Hain zuzen, sare arriskutsu eta konplexu haren nondik norakoak bildu zituzten Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea zinegileek Azken bidaia dokumentalean, eta 2011ko Zinemaldian aurkeztu zuten. Testigantza zuzenekin osatutako lana da, eta zuzendarien hitzetan, lan handia egin behar izan zuten haiekin harremanetan jartzeko.
Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoaren ekimenez, bihar eskainiko dute Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Emanaldia doan eta euskaraz izango da, gaztelaniazko azpitituluekin, eta Juan Carlos Jiménez de Aberasturi historialaria gaiaren inguruan mintzatuko da.