EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, Donostia Zinemaldiarekin bat eginik, hainbat filmetako soinu bandak eskainiko ditu irailaren 20an Miramongo egoitza nagusian emango duen Zinemarako Musika kontzertuan. Tartean, Frio sol de invierno (Pablo Malo, 2004), Alatriste (Agustín Díaz Yanes, 2006) eta Los crímenes de Oxford (Alex de la Iglesia, 2008) filmetako soinu bandak izango dira entzungai.
EOS eta Donostia Zinemaldiaren arteko elkarlanak iaz eman zuen lehen fruitua, arrakasta handiko kontzertua eskaini baizuen Oriol Roch zuzendari nagusitzat duen orkestrak 61. Zinemaldiaren egitarauaren baitan. Aurten, halaber, irailaren 20an, larunbata, eguerdiko 12:00etan, hainbat filmetako soinu bandak eskainiko dituzte EOSen Miramongo egoitza nagusian.
Alatriste, Los crímenes de Oxford, Frío sol de invierno, El perqué del tot plegat (Ventura Pons, 1995), El largo invierno (Jaime Camino, 1992), La herencia de Valdemar (Jose Luis Alemán, 2010), Flysh, hitzen hitza (Alberto J. Gorritiberea eta Asier Hilario, 2008), eta Lo mejor de cada casa: una semana en el parque (Toni Abad, 2000) filmetako doinuak izango dira entzungai ikus-entzuleen gozamenerako.
Gainera, irailaren 13tik 19ra bitarte, emanaldirako 400 sarrera doan jaso ahal izango dira.