Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak BFI British Film Institute erakundeak antolatutako London Film Festivalean emango dute urriaren 18 eta 19an. Jaialdiaren 58. edizioak mundu osoko 248 lan bilduko ditu.
Morten Tyldumek zuzendutako The Imitation Game filmak zabalduko du urriaren 8tik 19ra luzatuko da British Film Institute zinema jaialdia. Aste eta erdian, mundu osoan ekoitzitako ia 250 film izango dira ikusgai Londresen, eta David Ayerrek gidatutako Fury lana arduratuko da ekimena borobiltzeaz, Brad Pitt aktorea buru.
Filmak hainbat sailetan berezi dituzte, tematika oinarri harturik: maitasuna, barrea, beldurra, bidaiak, familia, kultuzkoak, altxorrak… Eta nola ez, Sail Ofiziala eta dokumentalen saila ere ez dira faltako. Bada, hain zuzen bidaia bat ardatz duten lanen artean izango da ikusgai aurtengo Zinemaldian estreinatuko duten Loreak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendu, eta Nagore Aranburu, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea aktoreek antzeztutako lana. Euskarazko filmak oihartzun handia eskuratu du gurean, Zinemaldiko Sail Ofizialean eta lehiaketan aurkeztuko dutelako, eta Torontoko zinema jaialdian erosleentzako izango da ikusgai.
Londresen, beraz, urriaren 18an emango dute, 12:30ean Lumiere Cineman, eta hilaren 19an 18:30ean, Curzon Soho Cineman.