Izarrak_zinea.eu

Epaimahaietako kideak, Donostiara etorriko diren ospetsuen izenak, sarreren salmenta datak, eta 62. Zinemaldiaren inguruko beste hainbat datu ezagutarazi dituzte gaur Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, eta Maialen Beloki eta Joxean Fernandez Zuzendaritza Batzordeko kideek Maria Cristina Hotelean egin duten aurkezpen ekitaldian.

Donostiako Zinemaldia izarrez beteko da beste urte batez. 62. edizio honetan Donostia Sariak jasoko dituzten Denzel Washington eta Benicio del Toro aktoreez gain, nazioarteko beste hainbat zuzendari, aktore, ekoizle eta kritikari hurbilduko dira Gipuzkoako hiriburura hilaren 19tik 26ra bitarte. Irekiera ekitaldian izango dira, adibidez, Denzel Washington eta Antoine Fuqua The Equalizer filmeko protagonista eta zuzendaria, eta itxiera ekitaldian Charlotte Gainsbourg eta Omar Sy aktoreak nahiz Olivier Nakache eta Eric Toledano zuzendariak ikusteko aukera izango da, Samba filma ekarriko baitute.

Baina izarren zerrenda askoz ere luzeagoa da. Susanne Bier, John Malkovich, Antonio Banderas, Jessica Chastain, Pedro Almodóvar, Ricardo Darín, Willem Dafoe, Diego Luna, Charlotte Gainsbourg, Nikolaj Coster-Waldau, Leonardo Sbaraglia, Viggo Mortensen eta Josh Hutcherson ere, besteak beste, beren filmak aurkeztera etorriko baitira datozen egunetan.

Epaimahaikideak

Sail ezberdinetako epaimahaien artean, hainbat kideren izenak jakinarazi dituzte dagoeneko: Kutxa Zuzendari Berriak saileko epaimahaikide izango dira Nicole Brenez (presidentea), Chris Fujiwara, Fernando Guzzoni, María Mur eta Malgorzata Szumowska; Horizontes Latinos saileko epaimahaikideak, bestetik, Sara Silveira (presidentea), Juana Acosta eta Nuria Vidal izango dira; Euskal Zinemaren Irizar Saria, ostera, Isabel Herguera, Angel Aldarondo eta Rafael Berriok ebatziko dute; eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketetako epaimahaiburua Laurent Cantet gidoigile eta zinemagilea izango da.

Sail Ofizialeko epaimahaia, ostera, datorren astean jakinaraziko dute.

Zinemaldiko sarrerak

Emanaldietarako sarrerak, azkenik, datorren astean jarriko dituzte salgai: Sail Ofizialekoa irailaren 12an, ostirala, eta gainerako sailetakoak hilaren 14an, igandea, 9:00etan. Irailaren 19tik aurrera Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean, eta Principe Zinemetan ere eskuratu ahal izango dira, eta hilaren 20tik aurrera Trueba eta Antiguo Berri zinemetan.

Filmen inguruko gida, ostera, hilaren 13an jarriko dute salgai Kursaaleko eta Okendo plazako estandetan, eta Gazte-Txartela nahiz Donostia Kulturaren txartela dituzten lagunek deskontu interesgarriez gozatu ahal izango dute.