Munduko 553 kidek ebazten duten urteko film onenaren FIPRESCI saria Richard Linklaterren Boyhood lanak eskuratu du aurtengoan. Irailaren 19an Donostiako Zinemaldian eskainiko dute 12 urte luzatu den proiektua.
Nazioarteko sari garrantzitsuenetakoa den FIPRESCI golardoak badu 2014ko irabazlea: Boyhood. Lanak Mason sei urteko mutikoaren gaztaroa du ardatz. Hain zuzen, Mason gorpuzten duen Ellan Coltrane aktorea sei urte zituenean hautatu zuten proiektuan parte hartzeko, eta azken hamabi urteetan 39 errodaje egun baliatu dituzte mutikoaren haurtzaroa, nerabezaroa, lehen maitasuna, pozak, tristurak, familiako gatazkak eta harremanak biltzeko.
Saria eskuratzeko Boyhood bera, Pawel Pawlikowskiren Ida, Wes Andersonen The Grand Budapest Hotel eta Nuri Bilge Ceylanen K?? Uykusu / Winter Sleep izan ziren lau finalistak, baina garaileak tarte handiarekin irabazi duela adierazi dute arduradunek. Gainera, aurtengo Berlingo zinemaldian zuzendari onenaren saria jaso du Linklaterrek filmagatik.
1999an sortu zenetik, Michael Hanake, Paul Thomas Anderson, Jafar Panahi, Pedro Almodóvar, Jean-Luc Godard eta Nuri Bilge Ceylanek jaso dute FIPRESCI saria, besteak beste.