Clint Eastwood zuzendari laudatuaren Jersey Boys, Marokon errodatutako Exit Marrakech (Caroline Link), maitasun kontuak eta drama nahasten dituen Arnaud Larrieu eta Jean-Marie Larrieu anai-arreben L’amour est un crime parfait eta Zinema Euskaraz ekimenaren baitako Maya Erlea (Alexs Staderman eta Glenn Fraser) helduko dira bihar Euskal Herriko zinemetara.

Ikasturte hasierarekin batera film-eskaintza oparoa datorkigun arren, gaurtik aurrera pantailaratuko diren lanak zalaparta handiegirik gabe helduko dira aretoetara. Hasteko, 50 eta 60ko hamarkadako The Four Seasons musika talde arrakastatsuaren ibilbidean oinarritutako musikala dugu, Jersey Boys, Clint Eastwood estatubatuarrak zuzendutako 33. filma (aktore moduan 55 egin ditu). Kritika amerikarraren aburuz, indarra falta zaio lanari, eta nahiko oharkabean pasako da.

Scott Derrickson estatubatuarrak, bestetik, Deliver Us From Evil akziozko filma dakar. Eric Bana, Edgar Ramirez eta Olivia Munn aktoreen laguntzaz, exorzismoekin zerikusia duten hilketa batzuk ikertzen ari den Sarchie agentearen nondik norakoak kontatuko ditu filmak.

Alemaniako Exit Marrakech dramak, bestetik, 17 urteko Ben du protagonista. Ezagutzen ez duen aitarengana joango da filmari izena ematen dion hirira, eta Caroline Linken gidaritzapean, Marokoko paisaia zoragarrietan barrena bidaiatuko dute ikusleek. Brett Ratnerrek, bere aldetik, Hercules: The Thracian Wars lana aurkeztuko du, Dwayne Johnson aktore gihartsua buru, eta Isona Passolak Herrialde Katalanen erabakitze eskubideari buruzko dokumentala pantailaratuko du, L’edemà.

L’amour est un crime parfait Larrieu anai-arreben film frantsesak Marc izeneko irakaslearen amodio kontuak izango ditu hizpide, eta Tao Gutiérrezen Ciudad Delirio Espainia eta Kolonbia arteko koprodukzioak Javier sendagilearen eta Angie dantzariaren arteko harremana aztertuko du.

Haurrentzako eskaintzari dagokionez, azkenik, Maya Erlea animaziozko film australiarra euskaraz ikusteko aukera izango da asteburuan Zinema Euskaraz ekimenari esker, baita 2011ko Sitgeseko jaialdian haurrentzako film luze onenaren saria jaso zuen Madangeul Naon Amtak (Leafie, A Hen Into The Wild) Hego Koreako lana ere, kasu honetan, gaztelaniaz.