Euskal Herrian ekoitzitako sei film izango dira ikusgai Donostiako Zinemaldiaren 62. edizioko Zinemira sailean. Seirak dokumentalak izango dira, horietako bi munduko estreinaldiak; baina euskal zinemak tarte zabalagoa izango du Alex Angulo, Javier Ibarretxe eta Nestor Basterretxeari eskainitako jaialdian.
Aurtengo Zinemira sailak sei euskal dokumental barneratuko ditu: Juanmi Gutiérrezen Ateak zabalduz, Rafa Molés eta Pepe Andreuren Five Days to Dance, Raúl de la Fuenteren I Am Haiti (estreinaldia), Gorka Gamarraren Lantanda (estreinaldia), Oskar Tejedorren Notas en Movimiento (Notak Mugimenduan), eta Gentzane Martínez de Osaba eta Alexander García de Vicuñaren Señales de Vida: Néstor Basterretxea (Bizi seinaleak: Néstor Basterretxea).
Horrez gain, Euskal Herrian ekoitzitako Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga) eta Lasa eta Zabala (Pablo Malo) sail ofizialean aurkeztuko dituzte, lehena lehiaketan eta bigarrena lehiaketatik kanpo. Zabaltegi sailean Borja Cobeagaren Negociador eta Zuzendari Berriak atalean Roberton Castónen Los tontos y los estúpidos lanak ere emango dituzte, eta Zinemira katalogoko film laburren artean beste hiru euskal lan izango dira ikusgai: Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, Asier Altunaren Soroa eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuten.
Euskal ekoizpenei eskainitako tartea zabala eta kalitate handikoa dela azpimarratu du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, baina bereziki, Zinemira ataletik kanpoko sail garrantzitsuetan euren lekua egin izana goraipatu du.
Gainera, familia osoarentzako euskarazko zinema zikloa martxan jarriko dutela gaineratu du, datorren edizioetan ere errepikatzeko asmoz abiatutako zikloa. Zineuskadiri esker, areto komertzialetan euskarazko azpitituluekin ikusgai izan diren sei lan emango dituzte, eta sarrerak soilik 2 euroren truke eskuratu ahal izango dira.