Alberto Barberak zuzendutako 71. Veneziako Biennale Zinemaldia datorren abuztuaren 27an, asteazkena, abiatuko dute, eta irailaren 6ra bitarte, 39 herrialdetako lanak izango dira ikusgai. Jaialdia Alejandro G. Iñarritu mexikarraren Birdman lanak zabalduko du.

Hilaren 26an Luigi Maggi eta Luigi Romano Borgnetto zinemagileen Maciste alpino (1916) lan klasikoa eskainiko dute Darsena aretoan 20:15ean, zuzeneko musikaz lagunduta. Horixe izango da 71. Biennale jaialdia abiatzeko pistola-tiroa, eta hurrengo egunean, Iñarrituren Birdman proiektatuko dute inaugurazio ekitaldian.

Hain zuzen, Iñarriturenarekin batera, beste hemeretzi film lehiatuko dira Urrezko Lehoia eskuratzeko; Frantzia eta AEBetako lanak izango dira nagusi, tartean, Al Pacino protagonista duen David Gordon Green estatubatuarraren Manglehorn eta Ethan Hawke buru duen Good kill, Andrew Niccol Zelanda Berriko ekoizle eta zuzendariarena. Haiekin batera, Italia (hiru lan orotara), Belgika, Iran, Suiza, Norbegia, Errusia, Kanada, Polonia , Txina, Japonia, Danimarka, Finlandia eta Turkiako koprodukzioak izango dira ikusgai. Horien artean, bakarra izango da dokumentala: The look of silence (Joshua Oppenheimer).

Lehiaketatik kanpo beste hogei lan eskainiko dituzte bi asteko epean, eta tendentzia estetiko berrien Orizzonti sailean, halaber, 40 bat lan izango dira ikusgai. Final Cut in Venice sailean, Afrikako zinemagintza izango dute aztergai aurtengoan, eta zortzi proiektu aurkeztuko dituzte. Gainera, Frances McDormand aktore estatubatuarrak jasoko du Visionary Talent Award 2014 saria orain arteko ibilbideagatik.