The_Industry_Club

Donostiako Zinemaldiaren baitan nazioarteko nahiz bertako profesionalen artean sareak eratzeko asmoz sortu zen The Industry Club. Iazkoan, 54 herrialdetako 1.292 profesional etorri ziren Donostiara, eta aurten ere egitarau oparoa prestatu dute haientzako.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren; Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren; eta Creative Europa programaren babesarekin, ikus-entzunezkoen industriara bideratutako hiru ekimen barneratuko ditu 62. Donostiako Zinemaldiak: Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, Zinema Eraikitzen egitasmoa, eta Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa.

Lehenaren baitan, Europa eta Latinoamerikako 15 proiekturen kudeatzaileek euren lanak aurkeztuko dituzte pitchingen bidez, eta industriako profesionalen aholkuak eta laguntza jasoko dituzten horiek aurrera ateratzeko. Ez hori bakarrik: akreditatuta dauden profesionalentzako bilgune bilakatuko da San Telmo museoa, eta elkar ezagutzeko, lan harremanak sortzeko, eta mahai-inguru nahiz hitzaldietan parte hartzeko aukera izango dute bertan. Egitaraua iraila hasieran zehaztuko dute.

Telefilm Canadarekin elkarlanean antolatutako Focus On Canada egitasmoak, gainera, Kanadako hamabi ekoizle ekarriko ditu Zinemaldira. Industriari zuzendutako ekimenetan parte hartuko dute, eta bertako ekoizleekin harremanetan izango dira.

Zinema Eraikitzen sailean, bestetik, Latinoamerikako sei pelikula aurkeztuko dituzte. Euren filmak bukatzeko eta banatzeko finantziazioa lortzeko asmoz etorriko dira Argentina, Brasil, Guatemala, Peru eta Txileko zuzendariak.

Azkenik, IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearekin batera, Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa egingo dute. Beronen baitako egutegia oraindik zehazteko dago.