Irailaren 22an, 23an eta 24an, Europa-Latinoamerika III. Koprodukzio Foroarekin batera, 26. Zinema Eraikitzen ekimena gauzatuko dute Donostiako Zinemaldian. Argentina, Brasil, Guatemala, Peru eta Txileko sei ekoizpen barneratuko ditu zikloak.
25 herrialdetako 121 film jaso ditu aurten Donostiako Zinemaldiko Hautespen Batzordeak, eta horietatik sei hautatu ditu Zinema Eraikitzen ekimenaren baitan aurkezteko. Guztien artean, Mi amiga del parque (Ana Katzen, 2014) Argentina eta Urugaiko koprodukzioa; Guatemala eta Frantziaren artean ekoitzitako Ixcanul (Jayro Bustamante, 2014); Peru, Argentina eta Kolonbiako ekoizpen etxeek elkarlanean osatutako Magallanes (Salvador del Solar, 2014) -goian trailerra ikusgai-; O homem que matou a mina amada morta / To My Beloved Dead (Aly Muritiba, 2014) ekoizpen brasildarra; Txile eta Argentinaren artean osatutako La mujer de barro (Sergio Castro, 2014); eta Paula (Eugenio Canevari), Argentina eta Espainiaren arteko ekoizpena aukeratu dituzte.
Filmok irailaren 22tik 24ra eskainiko dituzte, Europa-Latinoamerika III. Koprodukzio Foroak hartuko dituen egunetan. Hain zuzen, Ana Katzen eta Aly Muritibaren ekoizpenek I. Koprodukzio Foroan hartu zuten parte, orain bi urte.
6 filmetako batek 200.000 euro arteko balioa duen Zinema Eraikitzen saria jasoko du, eta ikus-entzunezkoan diharduten Espainiako hainbat enpresa arduratuko dira lanaren postprodukzio eta banaketaz.