Dead Poets Society (1989), Mrs. Doubtfire (1993) eta Good Will Hunting (1997) bezalako filmetan egindako lanagatik nazioarteko arrakasta eta errespetua eskuratu zuen Robin Williams aktorea hilda aurkitu zuten atzo goizean San Frantziskoko bere etxean.
Oscar bat eta lau Urrezko Globo irabazitako Chicagoko (Illinois, AEB) aktoreak komedia eta drama izan zituen ardatz bere ibilbidean. Gaztetan Politika ikasten hasi bazen ere, antzezpenagatik utzi zuen, eta New Yorkeko The Juilliard School akademian prestatu zen, hiru urtez. Kaliforniara itzulita, San Frantziskon ezarri zuen bere bizitokia, eta pixkanaka antzeriko komediak egiten hasi zen. Mork & Mindy (1978-1982) telesailarekin arrakasta nabarmena eskuratu zuen, eta handik zinera egin zuen jauzi.
Bere ibilbidea komediaren generora mugatu ez zedin, Good Mornin, Vietman (Oscar sarirako izendatu zuten eta Urrezko Globoa irabazi zuen), Dead Poets Society (Oscar sarieratarako izendatu zuten bigarrenez eta bere lan gogoangarrienetakoa bilakatu da), edota The Fisher King (Urrezko Globoa eskuratu zuen) bezalako lanetan parte hartu zuen 1987 eta 1991 bitartean, eta ahotsak aldatu eta azentuak imitatzeko zuen abileziaz baliatuz, Mrs. Doubtfire umezainaren paperean sartu zen 1994an (hirugarren Urrezko Globoa jaso zuen).
Ondoren etorriko ziren Jumanji gazteentzako film arrakastatsua (1995), Nine Months (1995), Aladdin and the King of Thieves animaziozko filma (1996, jenioari ahotsa jarri zion), eta Jack (1996); gaixotasun baten ondorioz, 30 urte zaharragoa dirudien gaztetxoaren paperean sartu zen. 1997ko Good Will Hunting filmean egindako lanari esker aktore onenaren Oscar saria eskuratu zuen, gainera. Eta telebista ahaztu gabe, lanean jarraitu zuen: Flubber (1997), Patch Adams (1998), A.I. Artificial Intellignece (2001), One Hour Photo (2002), Night at the Museum (2006), Everyone’s Hero (2006)…. Williamsen lanen zerrenda amaigabea da, eta kritikak nahiz ikus-entzuleek estimu handia zioten.
Atzo goizean (bertako ordutegian) San Frantzisko hiriko larrialdi zerbitzuek dei bat jaso zuten, eta aktorearen etxera heldu zirenean, haren heriotza baieztatu zuten. Polizia arrazoiak ikertzen ari da.