Asier_Altuna

Asier Altuna euskal zinegile ezagunak Euskal zinema: Zinemagileen hiru belaunaldi ikastaroan parte hartu zuen hilaren 2tik 4ra Donostiako Miramar Jauregian. Euskadiko Filmategiaren eta EHUko Udako Ikastaroen gonbidapenez, Kimuak belaunaldiko zinemagileekin eseri zen mahaian, hain zuzen, Koldo Amandoz, Borja Cobeaga, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera eta Pablo Malorekin.

Zuzendari eta gidoigile bergararrak Andoainen abiatu zituen zinema ikasketak, eta Venezuelan, Kuban eta Gasteizen trebatu ostean, Txotx (1997) laburra osatu zuen 1997an Telmo Esnalekin batera. Zortzi sari jaso zituen, tartean Bilboko Zinebi eta Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea jaialdietako aipamenak. Ondoren etorri ziren 40 Ezetz (1999), Topeka (2002) eta bere lehen lan luzea, Aupa Etxebeste! (2205). Donostiako Zinemaldiaren 53. edizioko Epaimahai Gaztearen Saria eskuratzeaz gain, euskarazko zinemagintzan aldarri bilakatu zen lana.

Sarean (2008) eta Artalde (2010) laburrek, Brinkola (2008-2009) ETB1eko telesailak, eta Urte Berri On Amona (2011) eta Bertsolari (2011) filmek (Telmo Esnalekin batera, horietako asko), besteak beste, osatzen dute gipuzkoarraren filmografia oparoa. Kimuaken azken edizioan, halaber, Jorge Oteizaren Deja cada muerto un dedo acusador al cielo poeman oinarritutako Soroa lana hautatu dute nazioarteko jaialdien zirkuituan zabaltzeko, eta 2008an Marian Fernandez Pascal ekoizlearekin batera sortutako Txintxua Films ekoizpen etxearen baitan, hainbat proiektu ditu uneotan eskuartean, tartean, Telmo Esnalek zuzendutako Dantza.

Asier Altuna: “Psikologora joan beharrean, film laburrak egiten ditut”