Hondakin toxikoen trafikoa eta gailu teknologikoen iraungitze programatua ardatz dituzten bi dokumental izango dira ikusgai gaur eta hilaren 17an Gasteizko Artiumen, Zinemactivism zikloaren baitan.

Paul Moreiraren Toxic Somalia lanak -goian ikusgai-, Somaliako ezegonkortasun politikoa baliatuz, Europak bertara bidaltzen dituen sustantzia kaltegarrien trafikoa lantzen du; izan ere, Afrikako herrialdeko kostaldean hondakin tona bat uzteak 2,5 dolar soilik balio ditu egun. Dokumental frantziarra 2010ean estreinatu zuten, eta gaur, 20:30ean, Artiumen izango da ikusgai.

Datorren ostegunean, aldiz, La tragedia electronica (2014) dokumentalaren txanda izango da. Iraungitze programatuak 50 milioi tona hondakin eragiten ditu urtero herrialde garatuetan, eta horien %75 birziklatze-zirkuitu ofizialetatik desagertzen da. Kasu askotan, herrialde txiroetara bidaltzen dituzte, konponbiderik bilatu gabe, arazoa gainetik kentzeko. Cosima Dannoritzerren lana hilaren 17an emango dute, ordu eta leku berean.