Beldurrezko_astea

Jack Mircala madrildarrak, Astearen lagun zaharra den diseinatzaileak, osatu du jaialdiaren errepaso historikoa egiten duen kartela. XXV. edizioa urriaren 25etik azaroaren 1era bitarte egingo dute, eta 24 Aste Geroago ziklo berezia prestatu dute urteurrena ospatzeko.

Kartoi mehea, kola, guraizeak eta koloretako arkatzak erabili ditu Jack Mircala artistak aurtengo Fantasia eta Beldurrezko Zinema Astearen kartela osatzeko. Aldez aurretik hainbat erakusketa jarri ditu ekimenaren baitan, eta XVI. edizioko karteleko dekoratua ere, berak egin zuen. Orduko hartan Alaska abeslaria izan zen irudiko protagonista bakarra; oraingoan, ostera, beldur eta fantasiazko film historikoetako pertsonaiak bildu nahi izan ditu Mircalak, guztiak kartoi meheko eszenatoki bakarrean.

Horrez gain, 24 Aste Geroago izeneko zikloa antolatuko dute. Ekimenaren historian proiektatutako film esanguratsuenetako batzuk bilduko dituzte, tartean, Takashi Miikeren Audition (2000), Peter Jacksonen Braindead (1992), Vincenzo Nataliren Cube (1997), Rémy Belvauxen C’est arrivé près de chez vous (1992) eta Sam Raimiren Evil Dead II (1987). Egitarau zehatza Astea hurbildu ahala jakinaraziko dute.

Film In San Sebastian lehiaketa

Aurtengo jaialdiaren harira, azkenik, film laburren lehiaketa jarri dute abian, Film In San Sebastian izenekoa. Abuztuaren 4ra bitarte zabalik da Donostian errodatutako fantasia eta beldurrezko lan laburrak bidaltzeko epea, eta epaimahaiaren saria eskuratzen duenak 900 euro jasoko ditu. Ez hori bakarrik: filma XXV. Astean proiektatuko dute. Info gehiago hemen.