Udako eguraldi ona baliatuz, Rooftop Cinema ekimena abiatu dute Iruñean. Hilaren 24an, 29an eta 31n film bana proiektatuko dute Baluarteko terrazan 22:15ean. Sarrera 6 euroren truke eskuratu ahal izango da egunean bertan, 20:00etatik aurrera.

Alfred Hitchcock zuzendariaren Con la muerte en los talones (1959), Billy Wilderren Con faldas y a lo loco (1959) eta Blake Edwardsen Desayuno con diamantes (1961) film klasikoak hautatu dituzte Rooftop Cinema ekimenaren baitan proiektatzeko. Izan ere, garai batean egiten zen bezala, filmak kalean eta eraikin baten aurrealdea pantailatzat erabiliz, proiektatuko dituzte Iruñean, Nafarroako Filmategiaren ekimenez abian jarritako zikloan.

Lehen lana uztailaren 24an, osteguna, emango dute, 22:15ean Baluarteren terrazan; bigarrena leku eta ordu berean, baina uztailaren 29an, asteartea; eta hirugarrena hilaren 31n, osteguna, leku eta ordu berean, baita ere.

Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira, 6 euroren truke, baina hiru paseetarako bonoa eskuratzen dutenek soilik 15 euro ordaindu beharko dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, emanaldiak eraikinaren barrualdera pasako dituzte, noski.