EHUren Udako Ikastaroen baitan eta Euskal Filmotekaren ekimenez, Euskal Zinema: Zinemagileen hiru belaunaldi ikastaroa egingo dute asteazkenetik ostiralera Donostian, eta ekimenarekin bat eginez, bihar, asteartea, hasi eta ostiralera bitarte, hainbat euskal film esanguratsu proiektatuko dituzte Principe zineetan.

Bihar, uztailaren 1ean, Pedro Olearen Akelarre (1984) 19:30ean eta Imanol Uriberen La muerte de Mikel (1984) 22:00etan emango dituzte. Biek ala biek, arrakasta nabarmena izan zuten 80ko hamarkadan, eta kritikaren aldetik babes handia jaso zuten.

Asteazkenean, bestetik, Ana Díezen Paisito (2008) 17:00etan, Enrique Urbizuren La vida mancha (2003) 19:00etan, eta Montxo Armendarizen Obaba (2005) 22:00etan izango dira ikusgai. Bernardo Atxagaren eleberri homonimoan oinarritutako lanak hainbat saritarako izendapenak jaso zituen -goian trailerra ikusgai-.

Ostegunean, halaber, Juanma Bajo Ulloaren bigarren lan La madre muerta (1993), definitzen zaila den Victor Ericeren El sol del membrillo (1992) eta bi euskal baserriren arteko harreman gatazkatsua ardatz duen Julio Medemen Vacas (1992) emango dituzte 16:45ean, 19:00etan eta 22:00etan, hurrenez hurren.

Ostiralean, azkenik, hainbat lan proiektatuko dituzte astea borobiltzeko: 17:00etan Daniel Calparsororen Salto al vacío (1995), 19:00etan Helena Tabernaren La buena nueva (2008), eta 22:00etan azken edizioetako Kimuak katalogoko hainbat lan; Koldo Almandoz, Asier Altuna, Borja Cobeaga, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera eta Pablo Maloren film laburrak.