63 lan aurkeztu dituzte orotara Kimuaken aurtengo deialdira, eta Maialen Beloki, Josemi Beltran, Ismael Martinez, Edurne Ormazabal eta Jorge Sanz adituek osatutako epaimahaiak zazpi hautatu ditu Kimuak zigilupean banatzeko.
Euskarazko bi lanek, gaztelerazko beste bik, bi lan mutuk eta arabierazko batek osatuko dute 2014ko Kimuak katalogoa. Epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta aurkeztutako 63 euskal ekoizpenean artean oso istorio ezberdinak kontatzen dituzten zazpi nabarmendu dituzte.
Saritutako zuzendarien artean daude Aitor Gutiérrez Anómalo lanagatik; Lander Camarero A Serious Comedy Iraken errodatutako lanagatik; Kote Camacho finantza krisiari buruzko Don Miguel laburragatik; Koldo Almandoz Kontxako hondartzan aire erakustaldi bat egiten zendu zen Hubert Le Blon pilotuari buruzko Hubert Le Blon-en azken hegaldia lanagatik; Artelekun bildu diren hainbat artista, tartean Isabel Herguera eta Koldo Almandoz, Sailor’s Grave lanagatik; Asier Altuna Oteizaren poesia batean oinarritutako Soroagatik; eta Aitor Arregi Zarautzen erosi zuen filmagatik.
Altuna eta Camarerok, gainera, iazko katalogoan parte hartu zuten Zela Trovke eta A Political Story lanekin.
Zazpi film laburrak Donostiako Zinemaldiaren 62. edizioa aurkeztuko dituzte, baina horrez gain, nazioarteko jaialdietara ere bidaliko dituzte. Azken urteetan, gainera, sari andana jaso dituzte Kimuak egitasmoaren baitako lanek.