Azken Zinebi Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu zituzten 23 film labur eskainiko dituzte ekaineko ostegunetan Bilboko Zorrotzako eta Otxarkoagako kultur etxeetan, ZinebiKlub egitasmoaren baitan.

55. Zinebi jaialdia iragan azaroan egin zuten, eta arduradunak 56.aren prestaketa lanetan murgilduta dauden arren, zita handiaren aurretik ZinebiKlub jardunaldiak egingo dituzte ekaineko ostegunetan Zorrotzako kultur etxean, eta hilaren 10etik 13ra Otxarkoagakoan. Orotara 23 lan proiektatuko dituzte, tartean, hiru euskal ekoizpen: Alberto Vázquezen Sangre de Unicornio, Asier Altunaren Zela Trovke eta Izibene Oñederraren Hotzanak, for your own safety (goian trailerra ikusgai).

Emanaldiak 19:30etan izango dira Zorrotzan, eta 19:00etan Otxarkoagan; sarrera doakoa izango da. Egitarau osoa hemen.