Hilabete berriarekin batera, datozen asteetako programazioa jakinarazi dute zineklub eta tokiatn tokiko kulturguneek. Bilboko Alhondigan suediar zinema izango dute ardatz ekainean, eta Nafarroako Filmategian I. eta II. Mundu Gerren inguruko lanak. Segidan, asteko egitarauaren errepasoa.
Gaur bertan, ekainak 3, Michel Gondry zuzendari laudatuaren L’ecume des Jours (2013) lana proiektatuko dute FAS Zineklubaren ekimenez, El Carmen aretoan (Bilbo). Boris Vianen eleberrian oinarritutako lana da, eta Audrey Tautou eta Romain Duris aktoreek gaixotasun arraro bat duen emakumea eta haren senarra gorpuzten dituzte. Gaitzaren sendabidearen bila, unibertso poetiko batean barneratuko dira.
Ekainaren 4an, osteguna, Monedas de cambio TVEk egindako dokumentala eta 5 days to dance dokumentala aurkeztuko dituzte Donostian, Egiako kultur etxean lehena, eta Antzoki Zaharrean bigarrena. Eta ostegunetik aurrera, surfa oinarri duten filmen jaialdia abiatuko da Gipuzkoako hiriburuan: Surfilm Festibal. Proiekzio esanguratsuenen artean daude Out in the Line Up (larunbatean, Antzoki Zaharrean) eta Thundercloud (igandean, Antzoki Zaharrean); surfaren baitako homosexualitatea lantzen du lehenak, eta urteko dokumentala bezala aurkeztu dute bigarrena. Egitarau osoa, hemen.
Nafarroako Filmategiko hilabeteko programazioan, halaber, 2000 urtean ekoitzitako Memento izango da ikusgai bihar, 20:00etan, hiru euroren truke, eta ostegunean 1987 eta 1996 bitartean Nafarroan ekoitzitako 8 film labur proiektatuko dituzte. Ostegunean, aldiz, 1962ko El día más largo (1962) film estatubatuarraren txanda helduko da; Bigarren Mundu Gerra bitartean, tropa aliatuen Normandiako lehorreratzeari buruzko kontaketa egiten duen lanak bi Oscar sari eta Urrezko Globo bat jaso zituen bere garaian.
Bilboko Alhondigan, azkenik, zinema suediarrari buruzko zikloa egingo dute ekainean. Izan ere, film labur, luze nahiz dokumental esanguratsu ugari ekoitzi dituzten azken urteetan bertan, tartean, Hannes Holmsen Behind Blue Skies (2010) eta Mikael Marcimainen Call Girl (2012). Azken hau datorren astean, asteazkenean, proiektatuko dute, 17:30ean. Aste honetan, ostera, 2012ko Sundance Festibalean Nazioarteko Dokumental Onenaren saria jaso zuen Big Boys Gone Bananas (2012) eta Jan Troellen Dom över död man (2012) emango dituzte bihar, asteazkena, 17:30ean eta 19:30ean, hurrenez hurren.