Maiatzaren 30etik ekainaren 1era Dragoi Bola Z telesaila oinarri duen azken filma estreinatuko dute Euskal Herriko hainbat aretotan Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren baitan. 90eko hamarkadan ETB1en ikusgai izan zen animaziozko telesail ospetsua bikoiztu zuten lagunak arduratu dira Gokuren abentura berriari ahotsa jartzeaz.

Zineuskadi elkartearen Zinea Euskaraz programaren helburua herritarrei euskarazko zinea eskuragarri jartzea da, komunikatzeko bitarteko gisa erabili eta kultur balio moduan aintzatetsi dezaten. Horregatik, 90eko hamarkadan gurean ikaragarrizko arrakasta izan zuen telesailaren azken filma itzultzea erabaki dute, orduan bikoizketa lanak egin zituzten pertsonen laguntzaz; besteak beste, Xebe Atencia Rubio -Gokuren ahotsean- eta Felix Arkarazo -Izarkelaia Vegetarenean- izango dira entzungai.

Masahiro Hosodak zuzendutako Dragoi Bola Z lana ostiraletik igandera proiektatuko dute Barakaldoko Max Ocio eta Yelmo Megapark, Errenteriako Niessen, Leioako Artea, Bilboko Zubiarte, Donostiako Bretxa, Gasteizko Yelmo Boulevard eta Irungo Ocin zinema aretoetan. Oraingoz, asteburuan soilik izango da ikusgai.

Sinopsia

Txikizioaren Jainko Bills lozorrotik esnatuko da, eta saia batek Freezer garaitu duela entzungo du; zurrumurruaren nondik norakoak argitu nahian, haren bila abiatuko da. Gokuk erronka botako dio, baina Billen indarra gehiegizkoa izango da berarentzat. Vegeta, Goham eta lurreko gainerako gerlariekin batera, gaizkia suntsitzen ahaleginduko da, beraz.