Neguko itsasaldien ondotik, gure kostaldea gogor jo duten olatu erraldoiak ekarri nahi izan dituzte aurten lehen planora Donostiako Surfilm Festibal jaialdiko antolatzaileek. Proiekzioak gaur hasi eta ekainaren 8ra egingo dituzte, nagusiki Antzoki Zaharrean, eta proiekzioen %70, batez beste, bertako ekoizleenak izango dira.

Damnation dokumentalak zabalduko du jaialdia gaur, osteguna, Aquariumeko proiekzio gelan; funtziorik ez duten presen eraisketa aldarrikatzen duen mugimendua du ardatz filmak. Gaur, gainera, olatu handiei buruzko argazki erakusketa inauguratuko dute Aquariumean, eta igandera bitarte bost lan luze eta hogei bat film labur aurkeztuko dituzte, besteak beste, Out in the Line Up, orain arte tabu izan den surfaren munduko homosexualitateari buruzko filma.

Emanaldi gehienak Alde Zaharreko Antzoki Zaharrean egingo dituzte, eta hilaren 8an Thundercloud dokumental laudatuarekin itxiko dute jaialdia. 2012ko ekainaren 8an, Fiji uharteetan zeudela, ikaragarrizko olatu sorta batek harrapatu zituen munduko surflari onenak, ASP World Tourrean parte hartzen ari zirela; orduko irudiak biltzen ditu “urteko dokumental desiratuena” bezala ezagun egin denak.

Azken edizioetan bezalaxe, Patagonia etxea da jaialdiaren babesle nagusia, eta proiekzioetatik haratago, beste hainbat jarduera ere egingo dituzte, hilaren 6 eta 7ko elektronika gauak, tartean.