Urriaren 25etik azaroaren 1era egingo duten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen harira, Film In San Sebastian lehiaketa antolatu du Donostiako Sustapenak aurten bigarrenez. Aurtengoan, Gipuzkoako hiriburuko espazioak fantastiko eta beldurreko generoari eskainitako lan laburren plato bilakatzea du helburu egitasmoak, eta lanak bidaltzeko epea abuztuaren 4ra bitarte izango da zabalik.
Donostiako Sustapenaren, hau da, garapen ekonomiko jasangarriaren ardura duen Udalaren sozietatearen, ekimenez, iaz jarri zuten martxan Film In San Sebastian film laburren lehiaketa. Lehen edizio hartan Donostia plato bilakatzen zuten lanak galdegin zituzten antolatzaileek, eta epaimahaiak Mikel Yarzaren Donostia Through Mirror lana saritu zuen, haien hitzetan, hiriko espazio ezagunetatik abiatu eta paisaia ezezagunak sortzeagatik (goian duzue ikusgai). Ikusleen saria, aldiz, Surfing The Street lanak jaso zuen.
Aurtengoan, baina, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak 25. urteurrena izango du, eta Donostiako Film Commissionek, haien lana aitortu asmoz, lehiaketaren gaia birplanteatzea erabaki du. Hala, parte hartzaileek fantasiazko eta beldurrezko zinemaren plato moduan hartu beharko dute hiria, eta gehienez ere hiru minutuko iraupena izango duten lanak osatu. Epaimahaiak hiru alderdi izango ditu kontuan nagusiki: kokapenen erabileran eginiko berrikuntzak; kokapen horietan gertatzen diren istorioen sormena, originaltasuna eta freskotasuna; eta Donostia fantasia eta beldurrezko istorioen plato gisa erakusteko modua.
Lanak bidatzeko epea abuztuaren 4an itxiko dute. Horretarako, lanak era ezkutuan Sareratu beharko dira lehenik, eta beste hainbat daturekin batera, online formularioaren bidez helarazi ondoren. Bideoak ikusgai jarriko dituzte Donostia Film Commissionen atarian, eta ikusleek gustukoenaren alde bozkatu ahal izango dute aurrerago. Lan guztiak, halaber, urriaren amaieran egingo duten Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astean proiektatuko dituzte.