http://www.youtube.com/watch?v=FlPXW8BUnJw

Cannesko 67. zinema-jaialdian 105 film ikusteko aukera dago, joan den maiatzaren 14tik datorren 24ra arte, sei sailetan banatuta. Horietatik 18 lehiaketa nagusirako aukeratu dituzte eta gehienak ospe handiko zuzendarien eskutik iritsi dira, besteak beste: Jean-Luc Godard, David Cronenberg, Dardenne anaiak, Mike Leigh, Ken Loach eta Atom Egoyan.

Monakoko printzesa izandako Graceri buruzko Grace of Monaco filmarekin hasi zen zinema-jaialdia (Olivier Dahan zuzendaria) eta aurten 50 urte beteko dituen spaghetti western generoaren aldeko omenaldi batekin bukatuko da: Sergio Leoneren Per un pugno di dollari (eskukada bat dolarren truke) filma berreskuratuko dute, haren zale sutsu Quentin Tarantinok aurkeztuko duen amaierako ekitaldian. Horrez gain, ibilbide luze eta oparoko aktore Sophia Loren italiarra ere omenduko dute aurten.

Grace of Monaco-k zeresan handia eman zuen, eta bada hautsak harrotzen ari den beste pelikula bat ere: Abel Ferrararen Welcome to New York, Nazioarteko Diru Funtseko presidente izandako Dominique Strauss-Khan politikari frantziarraren ingurukoa.

Zine-emanaldiez gain, pelikulen eskubideen salerosketa eta koprodukzio-aukeren azterketa dira Canneseko beste ikurretako bat; Marché du Film azoka, alegia. 1959az geroztik egiten dute, zinema-jaialdiaren egun beretan, eta gaur egun industriaren plataforma handienetakoa da.

per_un_pugno_di_dollari