Bi egun falta dira Bizkaiko hiriburuko asterik beldurgarrienerako. Maiatzaren 9tik 15era arte egingo dute Fant jaialdiaren XX. edizioa. Erakutsiko diren filmen artean lehena La cueva izenekoa izango da.

La cueva aurtengo Malagako film jaialdian harrera oso ona izan du, eta FANT zinemaldian pantailaratuko diren 40 film luzeen zerrenda irekiko du maiatzaren 9an, ostirala. Lan luze horiez gain, beste 40 film labur erakutsiko dituzte.

Fanten antolatzaileek, dagoeneko, denen eskura jarri dute emanaldien programa osoa. Hain zuzen ere, jaialdiaren webgunean ordenagailura kopiatzeko lotura jarri baitute.  Taula honetan azaltzen dira, besteak beste, sail ofizialean parte hartuko duten filmen emanaldiak. Espainia, Alemania, Hego Korea, Israel  eta AEBtatik iritsitako filmak dira hauek, eta Matthew Robbins, Carlos Areces eta Andrea Bermejo izango dira horien artean irabazlea aukeratzeko arduradunak.