Larunbat honetan egingo dute Trikifollia dokumentalaren aurkezpena. Urtebete baino gehiago iraun duen prozesuaren emaitza da pantailaratuko duten lana. Unai Guerra zuzendariak soinu txikiaren jatorria non dagoen bilatu du, horretarako bidelagun izan du trikitixa ikasle talde bat.

Lantaldeko kideek Road-movie dokumental gisa definitu dute filma. Izan ere, trikitixa ikasle taldea tresna honen jatorria Italian dagoela jakitean hara joango baitira. Taldekideetako batzuek harriduraz hartu zuten tresna honen jaioterria Italia zela jakitea, eta ilusio handiz bideratu zuten Castelfidardora (Italia) joateko bidaia. Hain zuzen ere ibilbide honek eman dio aukera Guerrari bere istorioa kontatzeko.

Lan taldeko kideek adierazi dutenez, “ez da dokumental etnografiko edo historikoa, nahiz eta Mikel Aizpuru historiagilearen adierazpenak biltzen dituen”. Egileek askoz gehiago begiratu diote ikasleen eta musikaren arteko harremanari. Izan ere, ikasle hauek pasioz bizi baitute beraien tresna, eta honi esker sortu duten erlazio pertsonalen sareari.

Dokumentala larunbatean estreinatuko dute, Donostian, eta datozen hilabeteetan ekingo dio jaialdien zirkuituari.