Ekaineko olatu txanpek Surfilm Festibalaren 12. aldia eramango dute Donostiako zinema aretoetaraino. Sareak hutsik irits ez daitezen surfaren inguruan sortutako zinema jaialdi honen arduradunak parte hartuko duten lanen bila hasi dira., eta bertan parte hartzeko deialdia egin dute.

Parte hartu nahi duten lanek hiru baldintza bete behar dituzte:

*2013ko urtarrilaren lehena baino geroago eginak behar dute izan.

*Surfarekin zerikusia duen gairen bat jorratzea.

*Iraupenari dagokionez, 20 minutu baino luzeagoa izango da film luzeen kasuan, eta muga horretatik beherakoa film laburra izanez gero.

Hiru baldintza horiek betetzen dituzten lan guztiek parte hartu ahal izango dute festibalean, hala ere sailkatze batzordeak eman beharko die oniritzia. Honi buruz ere, antolatzaileek aurreratu dute lehenago estreinatutako lanak ere onartuko dituztela, baina gogorarazi dute sailkapen batzordeak estreinatu gabeak hobetsiko dituela.

Era berean lanak bidaltzeko hiru bide ireki dituzte antolatzaileek. Horietan lehena, Movibeta plataforma erabiltzea eskatzen dute. Bigarren aukera babestutako zerbitzarira lana igo eta horretarako lotura films@surfilmfestibal.com helbidera bidaltzea da. Azkenik, zinemaldiaren egoitzara lana DVD formatuan bidaltzea da. Zehaztasun gehiago nahi izanez gero, jaialdiaren webgunera jo.