Gaur hasi, eta larunbatean bukatuko da Gasteizko (Araba) Euskal Zinemaren Astea. Egunotan ia hogei film pantailaratuko dituzte Caja Vital Fundazioaren aretoan. Ikusi ahal izango diren pelikulen artean denetariko lanak daude, fikziozkoak, dokumentalak, animazio lanak eta abar. Publikoa ere, askotarikoa izango da, helduentzako ez ezik haurrentzako emanaldiak ere prestatu dituztelako.

Kepa Sojo gasteiztarraren lan batek irekiko du Euskal Zinemaren astea, hai zuzen ere, sari ugari eskuratu dituen Loco con ballesta film laburra emango dutelako Chaika filma baino lehen. Hori guztia gaur bertan gertatuko da, 20:00etan hasita. Bi pelikula hauek ikusteko sarrerak hiru euroko kostua izango du, eta bikoa Kutxabankeko txartelak erabiliz gero. Saio gehienek izango dituzte film labur bat, fikziozko lan luzea eta dokumental bat.

Berpiztu film laburrak La herida filmaren pantailaratzea baino lehen ikusi ahal izango da bihar, asteartea. Egun berean eta aurrekoaren segidan, Camarada General,. Ignacio Hidalgo de Cisneros izeneko dokumentala izango da ikusgai.

Euskarazko filmen proiekzioa, asteazkenean, hilaren 26ean egingo dute. Zela Trovke labur dokumentalak irekiko du saioa. Ondoren Amaren eskuak nobelaren pantaila handirako egokitzapena eta azkenik Bidasoaldeko alardeetan oinarria duen Alardearen seme alabak ikusi ahal izango dira. Ostegunean, berriz, Democracia film laburra, eta 15 años y un dia zein El metodo Arrieta pantailaratuko dituzte.

Asteburuaren atarian haurrei zuzenduriko lehen emanaldia izango da. Eskola haurrentzako berariaz prestatu baitute Blackie eta Kanuto animazio filmaren emanaldia. Arratsaldean, berriz, Colera film laburra, Las brujas de Zugarramurdi arrakastatsua eta La batalla de Vitoria erakutsiko dituzte.

Zinema Astea bukatzeko bi saio izango dira larunbatean. Arratsaldean, 16:30ean, El extraordinario viaje de Lucius Dumb emango dute. Helduentzako saioan Agur film laburra, eta Izenik gabe dokumentala emango dituzte. Honen ondoren Euskal Zinemaren Asteak ematen dituen sarien banaketa ekitaldia egingo dute.