
David Berraondo, Ibaiaren ordezkaria, Jose Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldia, eta Fiparen zuzendari Francois Sauvagnargues izan ziren hitzarmena sinatu zutenak. (Argazkia:FIPA)
Nazioarteko Ikus-entzunezko Programen Jaialdia da Fipa, eta 60tik gora pantailarako-lan bilduko ditu sail ofizialean. Lehen eguneko ekimen nagusietako bat, Fipak berak, Donostiako Zinemaldiak eta Ibaiak lortutako akordioaren sinatze ekitaldia izan zen. Batez ere, Lau Haizetara koprodukzio foroko eta Fipako parte hartzaileak izan ditu kontuan akordio hori.
Zehazki, IBAIAK eta Donostiako Zinemaldiak -biak ere Donostiako Zinemaldiaren Industry Club ekimenean garatzen diren jardueren barruan egiten den dokumentalen “Lau Haizetara” IX. Koprodukzio Foroan antolatzaile direnak- zein FIPAk
-FIPA Industry ekimenaren eta, bereziki, ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko jardunaldi batzuen antolatzaile denak- honako konpromiso hauek hartuko dituzte, besteak beste:
Bi ekitaldiei buruzko informazioa zabaldu eta sustatzea nazioarteko ikus-entzunezko proiektuen parte-hartzea bultzatzeko.
Ekitaldi bakoitzeko proiektuetako hautaketa-batzordeetan parte hartuko duen ordezkari bat izendatzea.
Foro bakoitzean aurkeztutako proiektuei beste foroan parte hartzeko aukera ematea, eta bi onenei izen-ematea eta ostatu-gastuak ordaintzea, sari gisa.
Beste foroko ordezkaria norberaren foroan hartzea.
Akordio honen sinaduraren bidez, Europako profesionalen arteko harremanak sendotzeko beren borondatea eta konpromisoa berresten dute alderdiek, betiere baterako proiektuak garatu eta eskualdeetako ikus-entzunezko industria indartzeko.
Aurtengo FIPA jaialdiari dagokionez, euskal ekoizpenen presentziarik ez dago sail ofizialean, ezta beste lehiaketa ataletan ere.