Gune honetan bertan, duela gutxi, Zinegin festibalaren programazioaren aurrerapen txiki bat argitara eman genuen. Orain, berriz, festibal honek Hazparnera  (Lapurdi) eramango dituen lanen zerrenda osoa egin du publiko, programa, afixa eta ikus-entzunezko iragarkiarekin batera.

Lehenago aurreratu bezala, jaialdia hilabetearen 19a eta 22a bitartean egingo dute. Arratsalde eta gaueko saioak izango dira lau egunetan, eta azkeneko bietan goizen eta eguerdian ere ikusi ahal izango dira lanak. Izan ere, 15 emanaldik eta bi gaualdik osatzen dute programa osoa. Nabarmentzekoak dira, aurtengo edizioan emanaldiekin batera egingo diren bestelako ekitaldi eta emankizun bereziak.

Ttattola gaztetxea hartuko ditu ostiraleko eta larunbateko gaualdiak. Lehenengoan Iñigo Gracianteparaluceta gasteiztarrak egingo duen bideo-performatzea izango da ikusgai; antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, lanak sinopsi honetan laburbil daiteke : Akzioak, mundua gela bat bezala antzezten du: mugaz beteriko gune abstrakto bat bezala. Barruan gizaki bat harrapatuta ikus daiteke. Bere burua hainbat saihetsetan aurkituko du: nahasiak, ulertezinak edo nostalgikoak.

Gaualdi surrealista izena jarri diote larunbatean, hilaren 21an, Ttattola gaztetxean egingo duten ekitaldiari. Emak bakia baita filma larunbatean ikustea izango da, eta, horren ondoren hasiko da gaualdi surrealista. Kasu honetan Oskar Alegriaren lanaren ardatza den Man Rayren Emak Bakia ikusentzunezkoa ikusi ahal izango da, ekitaldia beste bi emanaldik osatuko dute, batetik Jon Maia bertsolariak publikoarekin lehengo aldiz ikusiko duen ezusteko filma eta Jan Cocteau-ren La sang d’un poete filma. Azkeneko hau zuzeneko musikaz lagunduko dute 564 izeneko taldearen doinuek.

Emanaldi berezi hauekin bateratuko dira ohiko emanaldiak. Kasu honetan, irailean estreinaturiko Amaren eskuak bezalako filmek klasiko bilakatu diren beste lan batzuekin konpartituko dute kartela. Besteak beste Julio Medem zuzendari donostiarraren  Beiak (sic) pantailaratuko dute Lapurdiko festibalean. Emanaldi eta bestelakoen informazio osoa jasotzeko www.zinegin-festibala.eu bisita daiteke.