Urtean zehar ez dira asko euskarara bikoiztuta areto komertzialetan egiten diren estreinaldiak. Asteburu honetan, berriz, euskarazko bertsioa duen Enderren jokoa filma estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Zientzia fikzioko film honek Orson Scott Card idazle polemikoaren izen bereko eleberrian du oinarri, eta pantailarako bertsio honetan Harrison Ford eta Ben Kingsley aktore famatuen lana barneratzen du. Liburuak berak arrakasta handia izan zuen eta hainbat hizkuntzetara eraman zuten, baina horien artean euskara ez zegoen. Hala eta guztiz ere, pantailarako bertsioa bikoiztuta ere iritsiko da pantailetara.

Zineuskadi erakundearen webgunean ikus daitekeenez, filma bi aretotara iritsiko da bihar bertan euskaraz. Hain zuzen ere, Durangoko Zugaza (Bizkaia) eta  Irungo Ocine Txingudi aretoetan ikusi ahal izango dira. Datozen asteetan beste hainbat aretotara iristea espero dute arduradunek. Era berean, Zineuskadi elkarteak kudeatzen duen Zinema Euskaraz programaren beste hiru emaitza espero dira urtea amaitu baino lehen. Zehazkiago, Mount St Elias mendi dokumentala, Jelly T eta Enerst & Celestine pelikulak euskaratuta iritsiko dira pantailetara.

Asteburu honetatik aurrera ikusi ahal izango den Enderren jokoa filmaren sinopsi hau helarazi du Zineuskadik:

Etorkizun hurbilean, intsektore izeneko arraza estralurtar batek lurrari eraso dio. ez da dena galdu, nazioarteko flotako heroi ospetsu bati esker, Mazer Rackham (Ben Kingsley) komandantea. Lurraren etorkizuna eta gizakiaren salbazioa erabakiko dituen hurrengo erasoari aurre egiteko, Hyrum Graff (Harrison Ford) koronel zorrotzak eta nazioarteko armadak gazterik onenak baino ez dituzte trebatzen, mazerren ondorengoa aurkitzeko. gazte hauetako bat Ender Wiggin (Asa Butterfield) da, mutiko lotsatia baina estratega bikaina. Gerra akademiako eliterako errekrutatua.